Ongi Joan 2009 eta ongi etorri 2010

2009 agur esan diogun moduan jada 2010 murgildu gera eta data hauetan ohikoa den moduan, pasa den urteak eragindako ajeen ostean, urte berriari helburu berriak edo eta zaharberrituak eskatzen dizkiogu. Dela kirol berri bat egiteari ekitea, dela kirol-txartela ateratzea, dela aspaldiko partez saskibaloiko ekipokoekin geratzea, eta abar luze bat.

Joan den urtea horren aberasgarria izan zaigunontzat, hainbat ikerketa aurrera atera baititugu, udako ikastaroak bezalako hainbat ekimen sustatu baititugu, gutako batzuk doktoratu ere egin baikara, zaila da datorkigun 2010 urte honetarako helburu hoberik finkatzea. Nolanahi ere, egin beharra dago, horrelakoak baikara gizakiak, helburuak jarri behar dizkiogu geure buruari bide egingo badugu.

Hargatik, urte berri honi, gipuzkoarron kirol ohiturak ikertzen gabiltzan hauek, aurreko urtean zehar egindakoa errepikatzeaz gain, gipuzkoarron kalitatezko kirol ohitura batzuk sustatuko dituzten ekimen berrien bilaketari ekingo diogu, aspaldian jabetu baikinan gure lana ez dela soilik ikerketa fin bezain kalitatezkoak egitea, hori baino gehiago, gipuzkoarren kalitatezko kirol ohitura aktibo batzuk sustatzeko oinarriak finkatzea baita gure azkeneko helburua.

Lan honetan behar bezala ekiteko, esker-onekoa bezalakorik ez dagoenez, lehenik eta behin eskerrak eman Gipuzkoako Foru Aldundiari; halaber ikerketa ezberdinetan zirikatzen ditugun agente guztiei, (udalerri, federazio, elkarte, klub, etab.), mundu zabalean zehar ditugun lagunei eta, nola ez, lankide guztiei.

Espero dezagun 2010-a, zenbakia bezain borobila izan dadila. Hala bedi!

Amaitzeko, aurreko urtean zehar ongi esandakoak hartu eta gaizki esandakoak barkatu.

Publicado por KirolbegiBlog el 5 de Enero de 2010


Trackbacks

Usa el siguiente link para crear un trackback desde tu propio sitio:
http://blog.kirolbegi.net/trackbacks?article_id=102