kirola joko Vs. kirola jolas

Kirolaz mintzo garenean, ohikoena, kirolaren alderdi bakarraz baino ez aritzea izaten da. Jokoarena alegia. Horrela izan ohi da, gainera, nagusiki zentzu horretan duelako gizartez duen errekonozimendua.

Zentzu honetan, hedabideek duten eragina berebizikoa da, jokoaz baino ez baitira mintzo. Errealak eta Eibarrek irabazi ala galdu egin dutela, Bruesak irabazi ala galdu egin dutela, etab. bezalako notiziak emanaz. Baina notiziak notizi, eta jokoa joko, kirolak badu jokoa ez den beste alderdi garrantzitsu bat: jolasarena.

Jolasak, hiztegiak dion moduan: “Atsegin edo atseden hartzeko edozein jarduera, olgeta, joko (dirurik jokatzen ez dena) edo kirol”-a da, eta jarduera bera egite hutsetik eratortzen da atsegina, helburua eta bidea bat eginaz.

Gainera, gure gizarte honetan, badirudi bata bestearen kontrako direla, jokoa seriotasunarekin, formaltasunarekin, garrantzitsua denarekin, etab.-ekin identifikatzen den bitartean, jolasa, alaitasunarekin, informaltasunarekin, garrantzia ez duenarekin, etab.-ekin identifikatzen delarik.

Aitzitik, kirolak bere izaera bikoitz hori uztartzetik eratortzen du bere zinezko indarra eta, inolako ezbairik gabe, jokoak jolasetik edan behar du, jolasak jokotik edan behar duen bezain beste, harreman honetatik eratorriko baitira kirolak errotzen deneko gizarteari egin ahal izango dizkion ekarpen baliotsuenak. Dela hezkuntzatik, dela aisialditik, dela osasunetik, eta jomuga, beti ere, gizartearen ongizate integral batean jarriaz.

Publicado por KirolbegiBlog el 5 de Marzo de 2008


Trackbacks

Usa el siguiente link para crear un trackback desde tu propio sitio:
http://blog.kirolbegi.net/trackbacks?article_id=25